C.D. Fortuna K.E.

Illescasen erakustaldi arrakastatsua

Gipuzkoako ordezkaritza gogor saiatu zen (19-7)

 

 

Joan den irailaren 10ean, Miguel Illescas, Maisu Handi mailako xake jokalari kataluniarrak erakustaldi aparta eman zuen, partaide ugari eta zale gehiagoren aurrean, aldibereko partidak jokatuz. Horrenbestez, ekitaldi honekin Fortuna Kirol Elkartearen urteurreneko ospakizunei amaiera eman zitzaien.

 

Miramar Jauregiko Musika Areto ederrean, hogeita sei xake jokalari gipuzkoarrek zortzi aldiz Espainiako txapeldunari egin zioten aurre. Gerora gonbidatuak aipatu bezala, aurkarien maila altua zenez, gogotik jardun behar izan zuen, bost orduz, taulako lanak amaitu arte.

Bi xake jokalari donostiarrek, Iñigo Martin (Gros Xake Taldea) eta Roberto Roldan ( Fortuna K.E.) maisu handia mendean hartzea lortu zuten.
Tauletan amaitu zutenak, berriz, Asier Etxagibel eta Josu Tornay (Arrasate-San andres taldekoak), Jokin Fernandez Zubitur (Beasaingo Alfil), Manuel Mayo (Irungo La Salle), Ramon Nogues (Hondarribiako Marlaxka), Asier Urretabizkaia (Astigarragako Mundarro) eta, hauekin batera, Fortunako Igor Laniella, Patricia Gonzalez eta Iñigo Jimenez.

Aipamen berezia zor zaio Eibar Kirol Elkarteko kide den Alex aranzabali. Gaztetan bere maila erakutsi ostean -kadete mailan txapelduna-, luze zeraman jokatu gabe. Illescasek planteatutako erreginaren peoi irekierari, Aranzabalek holandar defentsarekin erantzun zion; ondorioz, peoi bat galdu arren, erregearen eremutan eraso egitea lortu zuen eta berdinketa adostu zuten azkenik.

Orohar hartuta, 19-7ko emaitzak agerian utzi zuen Miguel illescas, xake jokalari profesionalaren maila altua izanagatik, aurkari gogor eta sendoekin egin zuela topo.

Partaideek gozatu ederra hartu zuten lehiaketa-ikuskizunarekin eta Illescasek Donostiara eginiko lehen bixitaldian erakutsitako portaera jatorra azpimarratu nahi izan zuten.

 

  

Pío Baroja, 47 - 20008 Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
T. 943 214 900 - F.943 217 177
fortuna@cdfortunake.com