C.D. Fortuna K.E.

72. mendi martxa.Etxegarate-Irurtzun

 

Joan den ekainaren 3an, 2012 urteari zegokion Mendi-Zeharkaldiko 72. edizioak, Etxegarateko gaina eta Irurtzun lotu zituen, 49 kilometroko ibilbidea.

 

Lehen zatian, Altzaniako mendilerroko basoetan barrena egin zen Lizarrustiraino. Ondoren, Allekuko bideetako basoetan barrena Aralarko mendilerroan bete-betean sartu zen zeharkaldia, Ormazarretako zelaiguneetara iritsiz, Igaratzatik gertu. Bide zaharren peskisan, Desao eta Albirako norabidean, ibilbideak gorako joera hartu zuen San Migeleko santutegi ingurutara. Segidan, Agiriko haranean abiatuz, gorabeherako martxa,jaitsierari ekin zitzaion berriro ere, basoan barrena Madotzera lehenik eta mendian gora ondoren, hain zuzen Larrazpilera, jarraian, Bi Ahizpak pasabidea gainetik hegan gaindituz, helmugarako bidea Irurtzuneraino. Ibilbide motzekoak Lizarrustin abiatu ziren eta besteen bide beretik egin zuten ibili klasikoa, 34 kilometrokoa, Irurtzuneraino.


Aurreko hiru egunetan balizaje lanak egiten jardun zuen antolakuntzako taldeak (markak biodegradagarriak jarri ziren eta ibilbidea amaitu orduko erretiratuak) eguraldi bikaina izan zuen markaketa lanak burutzeko; eguraldi bikaina eta beroegia aukeran. Baina ekainaren 3ak –martxa egunak- oso bestelako eguraldia utzi zigun; mendialdea behe lainoak erabat hartuta, ikuspen eskasarekin eta euri-lanbroa, blai uzteko horietakoa. Zoritxarrez laino itxiak Aralarreko paisaia ederrak begiztatzeko aukerarik e zuen eman eta tenperatura bera ere, geldi egoteko behintzat hotzetik desegokia, batik bat kontrolen arduratan jardun zutenentzat. Lokatza ere –astuna eta pisua, batez ere Agirin- oztopo gertatu zen ibiltarientzat. Zeru hodeitsuan ateri une batzuk sumatzen hasi ziren azken aldera, San Migeleko jaitsieratik helmugaraino, alegia; orduan eguraldiak hobera egin zuen. Kasu honetan ibiltari motelenek eguraldiaren laguntza izan zuten azken kilometroak burutzeko, gozo-gozo eguzkipean. Irurtzungo Foru Enparantzan, behinik behin, euriak ez zuen helmuga lekuan agerraldirik egin eta amaiera lasai eta atsegina eman ahal izan zitzaion zeharkaldiari.

Partaidetzari dagokionez ez zen beste urtetako kopururik osatu, ohiko 300eko ibiltari multzoa 180koan geratu zen; 128k ibilbide luzea egin zuten eta beste 52 ibiltariak ibilbide motza. Aralarreko ibilbide jendetsuaren gertutasuna eta, batez ere, Hiru Handiak asteburu horretan bertan jokatu izanak eragin handia izan zuen. Aurrera begira, mendi lasterketen data eta egutegiak berrikustea komeni litzateke horrelakotan ez baitira bateragarriak izaten eta Fortunako Ibilaldia gutxienez 1974. urtetik hutsik egin gabe ekainaren lehen igandean egon ohi da.
Nola nahi ere, heldu den 73. ediziorako, 2013ko ekainaren 2rako egingo dugun martxarako, ibilbide berri bezain erakargarria prestatzen saiatuko gara.

Pío Baroja, 47 - 20008 Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
T. 943 214 900 - F.943 217 177
fortuna@cdfortunake.com